Entzuna geneukan bazirela, baina ez genituen igandera arte ikusi. Azoketan ibiltzen dira, eta produktuak saltzeko araudiaz asko dakite. Hain ondo jakin ere, ze esan egiten digute ekoizleoi nola saldu behar dugun: produktu bakoitzaren prezioak idatzita eduki behar dira jendeak galdetu gabe ikus ditzan, arrautzen jatorria zein den erakutsi behar da, ezin da osasun-erregistro gabeko prozesaturik sartu. Izan ere, ez daukat mezulariei esateko ezer, baina osasunaren izenean ekoizleak itotzen dituztenei bai. Batez ere, guk saltzen ditugun janari prozesatuak egon daitezkeelako bakterioz beteta baina normalean ez direlako egoten, eta edozein supermerkatutan erosten dugun edozein zaborrek osasun-erregistroa daukalako, baina ekoizle txikiontzat garestia delako araudia betetzea.
Carrefourrek 30 euroan emango omen du aste osorako janaria. Ez dakigu nondik ekarria, ez zein osasun-erregistroren arabera ekoitzia, ez zenbat bizkar zapalduren pentsura landatu eta bildua. Inor txaloka hasi dadin baino lehen, datu bat: Gernikako azokako edozein ekoizlerengana joan, eta aste bete baino gehiagorako janaria erosiko duzue 30 euroren truke. Hori bai, arrautzen jatorria ez dugu idazten, gure etxeetakoak direlako, eta osasun-erregistrorik ez daukagu.
BIRA
Osasun erregistroa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu