Ezin dut. Whatsappeko mezuek ere barruak nahasten dizkidate. Nik uste dut amaren errua dela: euskara irakaslea izan zen urte luzez, eta hizkuntzaren erabilera zuzena asko landu da gurean. Umeak ginela, amaren ikasleen ergatiboak zuzentzen genituen bufandaren atzeko aldetik, eta, heldua nintzela, idazlanak zuzen egiteko moduak hausnartzen nituen amarekin. Emaitza? Berrogeita bat urterekin ezin ditut ortografia eta gramatika akatsak jasan. Egia esan, jasan jasaten ditut, eta paso egiten ikasten ari naiz; baina behinolako Onintza hura izaten jarraituko banu ehuneko ehunean, kaleko kartelak ere errotulki gorriz zuzenduko nituzke.
Euskara eskolak ematen nituenean boligrafo gorria lapurtuko zidala esaten zidan ikasle batek. Gorritik berdera pasatu ginen lehenengo, eta morera kurtsoa amaitu orduko. Ez dut sindromea guztiz gainditu.
Unibertsoak bere planak zituen niretzat, ordea, eta mundua ortografiari bizkarra ematen hasi da. Gero eta kartel zuzen gutxiago daude, gero eta akats gehiago egiten dituzte nire ikasleek. Eta badakizue gauza bat? Lasaitzen hasi naiz, baina oraindik hasi bakarrik. Eta gaztelaniaz alfabetatuta egon arren mezuak euskaraz bidaltzen dizkidaten lagunen akatsak ez ditut ikusten. Haien ahalegina eskertzen ikasi dut.
BIRA
Ortografia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu