Gustatzen zait nola hitz egiten duen jendeak denbora oparitzeaz. Jertse bat edo zapatila batzuk oparitu beharrean, norabaiterako sarrerak edo bidaia bat oparitzeak abantailak ditu. Zuk maite duzun pertsona horrek zure oparia gozatzen duen bitartean, zuk ere berarekin, bere konpainiaz eta opariaz goza dezakezu. Bide batez, mezu polita ematen diozu lagunari edo maitaleari edo ahizpei edo gurasoei edo dena delakoari: zurekin bizi nahi dut dena delako zera hau. Batzuetan, ordea, konplikatu egiten dira teorian errazak diruditen gauzak.
Esate baterako, masaje bat oparitu diozun lagunari kaxoian iraungitzen zaio astirik ez duelako izan, ahaztu egin zaiolako edo besterik gabe ezin izan duelako. Edo konturatzen zara iaz asteburu-pasa prometitu zenion lagunaren urtebetetzea berriz dagoela hemen eta oraindik iazko oparia ez duzuela bete. Ez dakit ziur halakoak zergatik gertatzen diren. Askotan halabeharrak dakartzan emaitzak izango dira, baina beste askotan konpromisoz egin dugun zerbait izan dela erakusten dute. Alegia, gauza ederrak ere errutinatu eta gogaikarri bihurtzeko joera dugula. Ez dakigu momentu bakoitzean gu eta gure ingurua nola gauden irakurtzen. Behin funtzionatu duten gauzak edo norbaiten ahoan ederrak diruditenak erreproduzitzen ditugu, etengabe.

BIRA
Opariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu