Jende zelebrea ikusi nuen arrosaz jantzita. Ez nekien oso ondo zer zen. Sare sozial batean nenbilela agertu zitzaidan bideoa, eta publizitatea zela pentsatu nuen. Amaiak esplikatu zidan, ordea, Barbie pelikularen estreinaldia zela, eta hainbat famatu joan zirela panpina horren eta beren mutil lagunaren moduan jantzita. Benetako panpinak ziruditen euren arropa deigarri eta guzti.
Ez dut ezer ulertzen. Guztiok dakigu hasieran panpina baino ez zen plastiko zati horrek ez duela pertsonarik ordezkatzen. Ez dago neurri horietako pertsonarik, eta, baldin badago, gaixorik edo operatuta dago. Ez da osasungarria, eta ez dauka zentzurik Nerea Ibarzabalen gorputzean Onintza Enbeitaren titiak jartzeak, eta Barbie beste gauza askoren artean, hori ere bada, 12 urteko ume baten gerriarekin. Ikusi nituen artistak plastikozko aurpegia balute bezala argazkilarien aurrean, ustezko Ken guztiak paparrean bizarrik gabe, eta nazka sentitu nuen. Eta gauza asko haizea hartzera bidaltzeko gogoa. Emakumeok zapaldu gaituen ikonografiaren sinbolo nagusietako bat omentzera zihoazela sentitzen nuen, eta zer nahi duzue esatea? Erridikulua eta esperpentikoa iruditzen zitzaidan guztia, baina batez ere onartezina. Izan ez ditudan seme-alaba guztien izenean, jasanezina bezain onartezina.

BIRA
Onartezina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu