Itsasontzi bat lehertu zen Arroxela inguruan duela aste bi eskas. Hasieran, ez genuen inon ezer ikusi, eta, sare sozialetan zabaldutako mezuen ostean, informatiboetan agertu zen. Ontziak material arriskutsua zeraman, baina ez dago informazio zehatzik: kontenedoreak ur azalerako bidea egin dute itsasontzia hondoratu eta gero. Armadoreak hartu du haiek bildu eta lurrera eramateko ardura.
Orain, hegazti bat agertu da hilda; Hendaian. Gorpuaren ia hiru heren zeuden fuel olioz estalita. Ez da zipriztin soila izan, beraz. Olio asko egon da hegaztia uretaratzen saiatu den leku horretan. Gaur-bihar batek daki, baina hegaztia aurkitu eta lehen orduetan inork ez du aitortu Arroxelan gertatutako istripuaren ondorioa denik. Badaezpada ere, denak isilik. Eta orduan, bat larritu egiten da. Ze, hegazti hori ez bada Hendaiara heldu Arroxelan barrena, beste nonbaitetik iritsi da, eta beste nonbait horretan olioa dago. Fuel olio asko: gorputzaren %70 estaltzeko adina. Orduan, ia hobe da txori migraria lehertutako ontziaren ingurutik datorrela pentsatzea. Beste aukerek itsasoa olioz beteta dagoela pentsatzera eramaten baikaituzte. Eta okerrena da hori ere ez dela gezur osoa izango. Baina jarrai dezagun pentsatzen galiziarrak direla halako istripu batean engainatu zituzten bakarrak.
BIRA
Olioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu