Euskaldunok askotan aipatzen dugu, arrangura aire batekin, nortasunaren gaia: zer den euskalduna izatea, zerk finkatzen duen euskaltasuna, lurraldeak, hizkuntzak ala fedeak denboran bezala... Arrazakeria eta xenofobia jaiduren indartzearekin, beren identitateaz hain segur (izan) diren estatu nagusietako politikariak ere zalantza-leize horretan barna dabiltza: frantses lehen ministroak datozen hilabeteetan herritarrak kontsultatuko ditu, bere gostuz «frantses izatearen» galderak garai hauek zirikatzen dituelako.
Laizitate politikoaren kontzeptua nahi luke jorratu, «ez dut baitezpada nirekin bat ez datorrena suntsituko» ideiaren ildotik. Xede txukuna, parlamentua kanpotarrak hartzeko baldintzak gogortzen ari den bitartean. Duela gutxi, Bayrouk emigrazioarekin halako itotze sentsazio bat nabaritzen zuela adierazi zuen. Demokrata handiaren itxura zaintzen saiatzen da lehen ministroa, ahantziz iragan urteko hauteskundeen emaitzak ukatuz osatua dela bere gobernua. Nortasunaren auzia korapilatsua da dena den, behaztopatzeko arriskua dakarrelako beti. Han eta hemen.