Bira
Nork ulertu?
Barre egin dut beti lagun bezala bakarrik maite nautela esan didatenean. Beno, barre aste bi pasatu eta gero, lehenengo momentuan negar ere egin izan dut eta. Izan ere, asko asko asko maite zaituen norbaitek, justu horregatik, maite zaituelako ezin izatea zurekin larrutan egin oso arraroa da. Diot nik maite banau, normalena nirekin larrua jo nahi izatea izango dela, ezta? Azken batean, nik ez dut hainbeste maite, baina desiratzen nago berarekin larrua jotzeko. Izan liteke ni itsusiegia izatea ere, horrela uler nezake bere barruak maitasun purutik tentsio sexualera dagoen saltoa eman ezin izatea. Edozein kasutan, nahiago dut ezetz esan diezadaten adornurik gabe: «Ez, Onintza, begira, ez dut zurekin larrua jo nahi. Nahi baduzu beste garagardo bat hartuko dugu!». Zoragarri. Horrela hobeto, bestela hainbeste maitasunekin nahastu egiten naiz. Eta hori gutxi balitz, Eusko Jaurlaritza ere ni nahasten ari da. Hara, ikusi du Eusko Jaurlaritzak martxoaren 29an lanuztea egiteko arrazoiak badirela, baina ez da grebara aterako. Nork ulertu dezake hori? Barkatuko didazue, baina ez dut ezer sinesten. Pentsatzen dut, nire sinplean, nire xumean, benetan arrazoiak ikusten dituenak egin egingo duela greba, eta egiten ez duenak ez duela egingo arrazoiak ikusten ez dituelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu