Ainize Madariaga

Nor-nori-nork ihesi

2024ko urtarrilaren 30a
05:00
Entzun

Antzerkiak ihes egin ez ziezadan, aste osoko etzanaldi bakarra eten dut. Bertzenaz, betikoa: denbora eskapu doakigu, eta nola! Edo gu beregandik, nork daki? Lasterrago abiatu, orduan eta zaluago bera ere, itzala balitz bezala, atzemateko batere peskizarik gabe. Dupan sartu eta emekiño-emekiño zango-besoei eragiten hasiko bagina bezala, abiadurak abiadurari deituz, itzulika hastearekin burtzoratu eta erori arte; hartzitzen ari den ogi orea eskuek oratzen duten gisa berean. Ihesi antzezlan bikainetik ez nuen atera nahi, hori gozamena. Pisu jasangaitzeko tabu franko lurruntzeko gaitasuna ukan du Iduzkilore taldeak, norberaren bronkioen azken albeoloetaraino barneratuz, eta biriketatik behin baino haborotan irri karkailak kanporatuz. Gorputzak aireberriturik etxeratu ginen. Ostatuko solasetan adostu genuen denok goazela zerbaitengandik ihesi, ez bakarrik Sabina eta Marga pertsonaiak: bata etxekoandretzatik, eta bertzea, zahar-etxekeriatik. Norberari dagokio bere buruari baimentzea hori ikustea, edo itsu-itsuan segitzea. Agian, ihes egitea, bizitzen segitzea baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.