«Mes chers amis, je vais vous parler aujourd’hui de votre Patrie: La Belgique!» (Lagun maiteak, egun, zuen Patriaz mintzatuko natzaizue: Belgika!); Tintin konkistatzailez beztiturik da; galtza-motz, gerriko eta bien pean ongi sarturik polo mahuka-luzea, ukondoraino bildurik. Eskuineko besoa gerri gibelean du; bigarrenak, berriz, eskuan makilttoa atxikitzen du arbeleko mapan ama-patria zehazki kokatzeko. Bisean biseko kongoar ikasleak otzan eta alfer ageri dira, zozo aire batez. Petit nègre-ez mintzo dira, eta jantziak, Mendebaldeko estiloa hartu nahian. Loriatuak eta eskertuak dirudite kolono belgikar paternalistak nagusi direlako. Tintin Kongon albuma 1930ekoa da; alta, biñeta hau berrikusi behar izan zuen Hergék 1946ko berredizioan: 2 + 2 batuketa eginarazten entseatzen baita Tintin.
Egoera umiliagarri berdintsuaren pare ikusi dut adiskidea: Frantziako metropolitik ekarrarazi baitiote erakasle bat bere erreferentzia guziekin, euskaldunez baizik osatua ez den taldeari erakusteko nola ongi idatz... frantsesez. Ez bagenu bezala jende prestaturik guhaurren lengoaian. Noizko berredizioa?