Batzuetan nahiko nuke Onintza bakarrik izatea, eta tabernan esango nukeena idaztea. Ezin dut, ordea. Onintza Enbeitak badaki ezin duela edozein gauza esan edozein lekutan. Eskertuko nuke Onintza bere maiteari eskua emanda pasieran dabilenean inork bidea ez moztea, baina jendeak Onintza Enbeitari maitasuna (edo haserrea) erakusteko daukan modua hori da. Askotan nahi izaten dut nire gorputzarekin bat sentitu, ondo, erakargarri; baina lodi sentitzen naiz. «Badira zure moduko neskak gustatzen zaizkien mutilak ere!» esan ziotenean txiki-txiki gelditu zen Onintza hartara bueltatzen naiz. Orduan ez dago mototsik ez alurik, ez mikrofono aurrean munduari kantatzeko indarrik. Beste batzuetan, ostera, handi sentitzen naiz: edozein egoerari aurre egiteko prest, eta Maguregiraino maiuskulaz idazteko moduko izena daukadala iruditzen zait. Askotan itzultzen naiz etxera zerbait gaizki egin duen umearen irribarrez. Onintza Enbeitak sekula aitortuko ez lituzkeen inkoherentziak baititu Onintzak. Adibidez, bizimoduz langilea izan arren, aberatsei dagozkien kapritxo batzuk izaten ditu tarteka.
Eta, modu batera zein bestera, beti naiz ni: Onintza Enbeita Maguregi. Bere burua ondo ezagutzen duela iruditzen zaion aldiro, bizitzak ni berri bat izateko aukera ematen diona.

BIRA
Ni
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu