Iritsi da iraila azokara. Azarorako, beranduenez, desagertuko dira udatiarrak eta betikoak geratuko gara geure porru ederrei begira. Berriro ere kexatuko gara jende gutxi datorrelako erostera, eta berriro ere eztabaidatuko dugu horren arrazoiak zeintzuk diren. Jende gehienak esango digu astelehena ez dela egunik egokiena, eta ez da. Hala ere, atzo esan nion bezero bati ea sekula aprobarik egin zuen astelehen goiz batean Eroskira, Mercadonara, Lidlera edo Aldira joaten. Ezetz esan zidan. Bada, joaten dena konturatuko da zenbat jende egoten den. Beraz, ulertzen dut astelehena ez izatea egunik egokiena, baina nahi dugunerako badaukagu astia. Egunak bakarrik ez du egiten azoka desegoki. Egungo bizimodua ez dago sasoian sasoikoa erosteko egina. Honezkero nazkatu gara piperrak frijitzen, eta tomatea ere nahikoa jan dugu, kuiatxorik ez dugu gehiago nahi... eta supermerkatu handietan denetarik dago. Gaur azalorea eta urtarrilerako kuiatxoa. Gu ezin gara erritmo horretan sartu. Beste logika batekin ekoizten eta saltzen ikasi dugu. Orain behar duguna da logika horrekin erosiko duten bezeroak izatea.
Negua azokan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu