Palestinaren gainean eraiki zuten Israel, eta sortu zutenetik hona, palestinarrak hil egin ditu. Existitzen ez zen nazioa zena mundu guztia nahi duen moduan maneiatzera iritsi da. Beldurra ematen dute beste guztiek ematen dioten onespenak eta arma kopuruak. Klaseko ahulena zapaltzen ari den umeari «ez ezazu halakorik egin, laztana» alferrik esaten zaion moduan esaten zaio Israeli su-etena emateko. Ez dute nahi. Supremazistak dira, arrazistak, hiltzaileak, naziak, Europatik eta Ameriketatik euren nagusikeriazko asmoak egia bihurtzera Palestinara joandakoak. Eta gu hemen estatu biren irtenbidea eta bla, bla, bla.
Hirugarren mundu gerraren beldur direlako edo garelako ei daude beste estatuak geldi. Norbaitek uste du, hala ere, Israel Palestinako lurrekin konformatuko dela? Inork sinisten du, gaur eta hemen, ez duela bere asmo supremazista zabalduko? Noiz erantzungo du munduak? Noiz egingo dugu benetako boikota haien kontra? Noiz bakandu eta isolatuko ditugu haren kontra mintzo ez direnak? Konturatzen gara ze nazka ematen duen gure indiferentziak?