Haize hegoa, gau epela, ilargiaren argi; mutxurdinak leihoetan, teilatuan katu bi...». Mutxurdina: motz (bulba) eta urdin-en (ilezuri) batura omen, Orotariko Euskal Hiztegiaren arabera «solterona» (neskazaharra) edo «keinu garraztua duen emakumea».
Bada, hasi ei zen behinola Txirrita «neskazahar bat tentatzen» eta ezkontzeko eskatu zionean, neskaren amak dotea exijitu. Bertsolariak orduan, errezeloz edo, ezkongaiaren iraganaz galdetu zion: «Diru truke alaba nahi zenuke saldu, le(he)nago erostunik ez al zaio azaldu?». Erostunen faltan, Madalenara joaten ei ziren neskazaharrak Santari nobio bana eskatzera. Baina «Santak erantzuten die buruaz ñar-ñar, ya no es hora, no valeis nada. Zer nahi duzue, bada, nik egitea? Zuen denbora pasatua da!». Pasatu, zertarako? oihukatu ei zion neska haietako batek. Santarekin gogaituta, agian, Abadinora joango ziren gaurko lako egun batez, eta hantxe ibiliko «Abadino San Blasetan, neskazaharrak bentanetan; mutilzaharrak engainetan, Abadino San Blasetan».
Haize hegoa Abadino San Blasetan, mutxurdinak leihoetan... Eta, gaur egun, Txirritaren eskolako gazteek ez dakite «mutxurdin»-ek zer esan gura duen, baina bikoterik (senarrik) eta seme-alabarik ez daukaten emakume helduak epaitzen segitzen dute. Haize hegoa Abadino San Blasetan; mutxurdinak leihoetan, neskazaharrak bentanetan, teilatuan katu bi.
BIRA
Mutxurdin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu