Onintza Enbeita

Munstroak

2024ko irailaren 14a
05:00
Entzun

Bagenekien gure ezagun bat neska gazteei jazartzen zitzaiela telefonoz. Jazartzen zitzaiela edo, behintzat, deseroso sentiarazten zituela. Gure artean atera genuen gaia gehien, eta laguna ni bezain zalantzati ikusi nuen: «Pertsona ona da, baina...». Gogoratzen naiz barrutik atera zitzaidala erantzuna: «Denak dira pertsona onak marra pasatzen duten arte». Andrea drogatu eta besteek bortxa dezaten eskaini duen gizonaren epaiketara begira egon naiz asteon. Auzipetutako gizonak ez dira munstroak, ez daude gizartearen marra gorrien beste aldean, ez dira atzerritarrak, ez dira psikopata deklaratuak: suhiltzaileak dira, irakasleak, aitak, senarrak, lagunak, hiritar arduratsuak... Jende askorentzat pertsona onak izango ziren akusatuen aulkian esertzera behartu dituzten arte. Zoritxarrez, erasotzaile eta hiltzaileak aurkitu behar ditugunean, ez dugu urrutiko zokondoetan bilatu behar. Gehienak gure saskibaloi taldean, gure enpresako zuzendaritzan, familian, eskolan, elizan, kuadrillan edo ohean daude. Gurekin bizi dira guri bizitzen utzi nahi ez diguten gizon horiek denak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.