Txoke egoera batean hartu genuen Errusiak Ukraina inbaditzen zuelako berria, konfinamendu garaietatik ateratzear geundela. Ikusi genituen ukrainar errefuxiatuak guregana etortzen, Mariupol eta Odesa bonbapean pairatzen eta gerla luzatzen munduaren oreka geopolitikoa zalantzan emateraino. Duela gutxi, Putin eta Trump solastatu dira telefonoz, Ukrainaz egin nahi dutena aipatzeko, Ukrainarren bizkar bistan dena. Merkatua sinplea da: Errusia Ukrainako zatiez jabetuko da eta debekatuko diote NATOko kide bilakatzea...
Badirudi konfliktoaren erruduna Ukraina dela eta horregatik gaztigatuko dutela. Trumpen arabera, denbora labur barne, Gazak Israelen faboretan bezala, Ukrainak behar luke mapamundietatik desagertu. Europar buruzagiak daldaraz atxiki dituzte Munichen iragan astean. Hain zuzen ere, Municheko 1938ko akordioek Txekia Hitlerren esku utzi zuten: abandonu horren trukean, ingelesek eta frantsesek uste zuketen bakea erosten zutela. Handik bi urtera, Bigarren Mundu Gerla sutuko zen. Zurrumurru batzuek diotenez, Errusia prest da gaurkoan Europa erasotzeko.