Bira
Misilak
Aspaldi amaitu zen Gerra Hotza, edo hori ikasi genuen institutuan, behintzat. AEBek misil berriak sortu ahala, orduko SESBek hobetu egiten zituen, eta alderantziz. Orain ez omen dago mundua blokeetan banatuta, baina blokeoak badira, eta armen salmenta zerbaitegatik da hain errentagarria. Herri indartsuenek armak erabiltzen dituztela ahulagoak menderatzeko, eta mende honetan iraultzek ez dute aldatzen mundua. Orain herri indartsuenen beharrak asetzeko txikien kontra egiten diren injustizia armatuek aldatzen dituzte mapak. Iran modan dago. Ormuzeko itsasartea itxi egingo duela esan du, eta Persiako Golkoan misilak probatzen hasi da, inork bere helburuari trabarik jarriz gero ere. Izan ere, Iranen helburua trabak jartzeko modukoa da: Persiako Golkotik ateratzen den petrolio guztia ateratzen da Ormuzetik. Nork ez du nahi haren kontrola? Mundua Iranen kontra jarri da, baina ez haren inguruko herritarrek pena ematen dietelako misilen mendean. Ez dezagun geure burua engainatu: AEBek eta Europak daukaten beldurra da petrolioaren gaineko kontrola galtzea, eta, hori gerta ez dadin, prest daude Iranen misilei misil modernoagoz erantzuteko. Ez gure interesak defendatuko dituztelako, jakina; mundua gobernatzen duten indar ekonomikoek hala nahi dutelako baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu