Ainize Madariaga

Miopia-opila

2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

«Usaiaz kanpoko bikotea da», erran dio bere buruari, autoaren abiadura baraxtuz, soaz hobeki eskaneatzeko eszenaren protagonistak: galtzamantal xuri-urdin marraduna jantzia du emazteak; oinetan, berriz, bizpahiru zentimetroz goratzen duten sandalia irekiak ditu. Eskuan mikroa, eleka ari da aise zaharragoa den gizonarekin; azken hau lihozko atorra arrosak salatzen du berezia dela, ezohikoa mendi eskualde honetan. Beztimendak ez ezik, deigarriak egin zaizkio gorputza artikulatzeko manerak ere. «Segur ere neskak bilatzen duela hemengo baten lekukotasuna, baina gaizoa, gizonak bizi guzia Parisen pasa duke; segur ere Sentier auzoan, oihalgintza handizkari horien arteko nagusietako bat». 

Biziak egin du kafea elkarren ondoan hartu dutela txoferrak eta zubi gaineko bikoteak. Poliki-poliki, eraikitako filmaren gidoia desegiten hasi zaio miopia lagun; magiaz beteriko zirkua desmuntatzen hasten diren gisa berean: mikroa zuena adiskidea du, eta elkarrizketatzen zuena bera bezain bertakoa da. «Bizia bera baino fiteago ari zait lanean burua, eta airatu naiz berarekin, mafiosoen film batean murgilduz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.