Ederra da negua, bere gristasun zilarrarekin eta garen laborategietako sagu aztoratu abiadurak mendratzeko duen boterearekin. Hunkigarriak dira ere, otsaila hasi orduko, bide bazterretatik altxatzen diren lur epel eta belar epaitu berrien bapore sarkorrak. Iragan egun batez, Hendaiara nindoala, Donibane Lohitzunetik, Xoldokogaina sutan ageri zen, Urruña eta Biriatu artean. Hego beltzak buhatzen zuen arren batzuk labaki egiten ari zitezkeen, suhaketan etxean erran genezakeen moduan, etorkizuneko uzta nasaiak segurtatzeko! Eskerrak, haatik, suhiltzaileak ez zirela urrun...
Negu bukaera jotzen zuen gure haur denborako sasi eta iratze zimelduen erretzeko antolatzen zen auzolanak. Momentu ikusgarria zen. Bazuen epikotik halaber, Hendaiarako nire bidean, autoko leihoa zabalik neukala, lurra hartzen zuen trantzeak: erre-usain azukratua eta mimosa lilien perfume mikatza, biak, harmonikoki nahasten ziren, naturaren suntsiketa eta honen berrosaketa olde berean laburbilduz. Ongi izate sentsazio bat, inguruan, mundua mila pusketan amiltzen doan bitartean...