Badut nik ere uste ustel bat: iruditzen zait beti gauzak eta janariak ahalik merkeenak erosi behar ditudala, prezioen lege zekenari horrela burla egiten diodalako barne-poz aitorrezin batekin. Baina, frankotan, errealitatea ni baino abilagoa da, hain gutxi ordaindutako zer hori berehala hausten zaidalako edo ez delako biziki ona osagarriarentzat. Ikerketa batzuek kontuz ibiltzera deitzen gaituzte: lehen prezioko elikadurak, adibidez, ez omen dira egokiak, koloratzaile eta ekai kimiko misteriotsuekin baltsan, gurinez, gatzez eta azukrez mukuru datozkigulako. Ekonomiak sukaldetik beretik hasten direlako leloa engainagarria da funtsean.
Baliabide askorik ez baldin baduzu supermerkatuetako eskaintzek junk janari mota horretara bulkatzen zaituzte. Pobre izateaz edo pobreziaren mugan ihardukitzeaz gain hazkurri zatarra irenstera kondenatua bezala zara. Gaztigu bikoitza, beste injustizia bat. Nago, ongi bizitzekotan, murru urbanoetako publizitate deigarriak mirestea baino, etxeetan norberak kozinatu plater soilak naka-naka klikatzea ez ote den hobe...