Baionako barazki merkatua egin dut atzo. Betiko legez. Erosle gisa, bistan dena. Egiaz, biziki gustatzen zait larunbateko azoka hau, bertan biltzen direlako, barnealdean, lurraren izerdiz, ehunka aza eta porru mota modu iraunkorrean ekoizten dituzten laborariak. Jendeen gurutza-lekua ere bada merkatua, gure aitamen ostiraletako Donapaleuko haren antzera. Kontsumitzaile-erabakitzaile garen aldetik hautuak egin eta aukeratzen ditugu, ahalaz, sasoiko, biologiko eta euskaraz zerbitzatzen ahal gaituzten baratzezainak —eta badira, zorionez...
Noizbehinka ikusten dut bere baratxuri burua erosten duen dreadlocks alimaleekiko hippy itxurako adiskidea: kontent da, egunak kukuso jauziz luzatzen doazelako. Cordeliers karrikan alabarekin bizi nintzen garaiko auzoak ere aurkitzen ditut, Maritxu eta Patrick, biak ni bezain elekariak: mortala izan daiteke! Eta gero, Pannecau zubi erdian gelditzen naiz, andere eskale bat instalatzen jarraitzeko. Putzuka baten gainean jartzen da, Arnaldur Indridasonen nobelaren bat eskutan. So bat gibelera eta urruntzen naiz... beregatik hotzez dardarka.