Zenbat gozatzen dudan interpretazio libreko eztabaidetan; ikusten dudalarik ene burua adinekoen arteko elkarrizketa itsu batean bezala gatibatua nahi gabe. Norberak jarraitzen diola hari bati, baina bakoitzak bereari, kolore anitzetako txirikorda gorra osatuz. Baina katarsia heldu da tindu-ontziak uzkaltzen direlarik eta melting-pot-ak bere begitartea erakusten duelarik.
Ostaturat sartu gara adiskide-tropa, goseak hamikatuak, egiaren errateko. Zerbitzariak amultsuki egin dio batzarri goseak hildako taldeari. «A, fritoak ere baditugu». Kaiera esku batean atxikitzen du kokotxaren parean, bertze eskuan, berriz, arkatza, xut-xuta. Haurra bozkarioz jauzika hasi da: «Fritak! Fritak! Bai!». Berak lursagar frijituak ditu gogoan.
Mahai-burukoari, azkenik, ahogozoa jauzarazi zaio: «A! Zeinen ongi, badu aspaldi ez ditudala tripak jan». Zerri-tripakiak amesten ari da esna-esna.
Fritoen, friten eta tripen artean isilarazi ditugu tripazorriak.