Israel eta Hamasen arteko gerla ankerra gelditu da beraz, hiru bider berrogeita bi egunentzat. Gaza, Hego Libano eta neurri batean Zisjordania ere, urte bat eta erdi hauetan bonbardatu ditu Israelgo armadak eta haren buru den Netanyahu lehen ministroak. Gatazka honetan sartu aldeak ados jarri dira —hori bai, baldintza askorekin— bahitu israeldarrak etxeratzearen trukean, eraso militarrak mendratzeko. Abantzu 47.000 hil zenbatzen dira Gazako zerrendan eta milaka errefuxiatu Gazaren auzoko estatuetan, gehienek janari-krisi larria pairatzen dutela. Egia da, Europak eta Estatu Batuek utzi dutela Israel bere sarraskia obratzen eta jadanik —Trumpek Biden ordezkatu duen unean, eta Siriatik botere aldaketa nabaria datorrelarik— ezberdin kontsideratzen dutela ekialde hurbileko egoera geopolitikoa.
Aldaketa horiek partida zitalaren denboraren akabera jotzen dute. Ez da erabaki, bistan dena, zer egingo duten Gazarekin, edo amerikarren begiko ez diren eskualde horretako mugimendu zein indar politikoekin. Batzuek diote ez dugula oraino dena ikusia...