Matika-matikaren (halaxe deitzen zion alabak matematikari) digestioa egiteko zernahi ikusi izan dut haurtzaroan, amesgaizto bilakatzeraino. Baina sinetsia nintzen bazela hartaz gozatzeko manera ere. Beharrik, gerora, plazer hartu dut berarekin: sekulako sorpresekin topo egin baitut ohartzean zeinen logikoak diren matematikaren lokarriak, zeinen sare kolosala duten eta zenbat galeria gordetzen dituen bere baitan. Egunkari honetako Judit Muñozen elkarrizketa atsegina aski da leitzea ohartzeko zeinen jakitate liluragarria izan daitekeen: «Bizi garen mundua moldatzen du. [...] azaltzen du [...] hizkuntza unibertsala da [...] Konpondu beharreko logika joko bat bezalakoa». Entelegatzeko ene ahalmen mugatuaren arabera, galdetzen diot ene buruari matematika berez existitzen den entitatea denetz; gure kontzientziatik eta horiek deskubritzeko gaitasunetik aparte den egia bat, hots. Zer da ba matematika? Unibertsoa ulertzeko giza asmakuntza bat? Aitzinatu arau eraikitzen ari den tresna bat? Ala emekiñi deskubritzen ari garen hor dagoen egia infinitua?
Matika-matika maita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu