Onintza Enbeita
Bira

Martxoak 31

2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Badirudi bostehun urte pasatu direla inoiz gertatu ez zen Gerra Zibil hartatik. Baina ez dira hainbeste urte Espainiako militarrak Errepublikaren eta, bidez batez, euren proiektu bakarra, handia eta librea defendatzeko traban zegoen guztiaren kontra oldartu zirela. Gure aitona-amonek ikusi egin zuten espainiarren gorrotoaren sua alemaniar eta italiar hegazkinetan. Martxoaren 31 batez Durango erre zuten, apirilaren 26 batez Gernika, uztailaren 22 batez Otxandio. Eta horrela osatu zuten menperatutako herrien zerrenda: bonbaz, suz eta odolez. Gerra zibila deitu zioten, baina egin zutena hurbilago dago estatu kolpetik gerra zibiletik baino. Elorrio partetik sartu omen ziren bat, bi, hiru, sei, zortzi hegazkin Durangora, eta pasatu ahala bota omen zituzten bederatzi, hamar… bonba herritarren gainera, eta hil zituzten herritarrak: hamaika. Eta harrezkero ez gaituzte bakean utzi. Hegazkinez ez bada, patrol berdeetan edo furgoneta urdinetan etorri zaizkigu: atxilotu gaituzte, torturatu gaituzte, legea aldatu dute kartzelan ustel gaitezen, hil gaituzte… eta lehengo militarren altxamenduari Gerra Zibila deitu zioten moduan, inork ulertzen ez duen zera honi demokrazia deitu diote orain. Ez dudarik izan: ahal izango balute, memoria ere erre egingo ligukete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.