Mugatu egingo nuke ingurukoenganako maitasun (arreta, mimo, ardura...) kupoa. Konparazioa ez da egokiena izango, beharbada, baina kreditu txartelen funtzionamendua aplikatuko nioke: hilean honenbesteko bat agortzean, kito, nahita ere ezin izango genituzke hurkoak zaindu harik eta epe bat igaro eta ostera ere zakua beteta eduki artean. Planteamendu egoista samarra irudi lezake horrela esanda (izan ere halakoxea izango litzateke eta); komeni da, beraz, argitzea ez litzatekeela edonorentzako izango; ehuneko ehunean inorengatik eta inorentzako bizi direnentzakoa baizik.
Hartara, astelehenetik ostiralera bilobak zaintzen dituzten aitonek eta amonek trankil esan ahalko liekete seme-alabei: «gaur ezin dut, ez zait indarrik geratzen»; oinetako saltzaileak 38 tailako zapatilak agortu egin zaizkiola esango lukeen moduan. Edo alderantziz, trankil esan ahalko liekete seme-alabek gurasoei, edo lagunek lagunei, edo bikotekide batzuek besteei: «ez, ez, gaur ez dizut uzten maita nazazun»; jatetxe batean bazkaldu eta kontua erdibana egitea proposatuko lieketen tonu berberean. Dramarik gabe.
Maitatzeak, bere etereotasunean, oso gauza konkretuak eskatzen baititu egunerokoan: batik bat denbora eta energia. Eta denbora eta energia ez dira agorrezinak. Eta ingurukoei eskaini eta eskaini ari denari, badakigu zenbat geratu ohi zaion bere buruarentzako.
BIRA
Maitasun kupoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu