Ainize Madariaga

'Maelstrom'-aren soinu beltza

2024ko uztailaren 16a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hondoa jo beharretan den barkutik ahal den hori salbatzeko istantean, eskuekin airea harrapatzeko saiakera gordin horretan, biziraupenari nahiko genioke estekatu sokorri-flotagailua. Ez genioke kasurik eginen, une horretan preseski, barkuaren bortak zer kolorez margotuak diren.

Bada, badut irudipena badela joera lanjerosa aritzeko norbera bereari tiraka, denona den oihala urratzeko arriskua hauspotuz. Oihal hori arrailtzeraino zamatu dugu penaz eta inkontzientziaz; joera-suizida horrek ez dit bakean lo egiten uzten.

Elea noiznahi eta nonahi antzutzen diguten honetan, edozein koloretakoa izanik ere, ez zaigu bururatzen gauza hoberik, norberak bere pantonearen aldarria egitea baino.

Mihia bitan ebaki zait belarrietarat heldu zaidalarik Seaskari leporatzen diotela euskararen uniformizatzaile izatea. Geure buruari baimentzen ahal bagenio bezala kontra egitea geure burua salbatuko lukeen barku bakar horren; baldin eta salbatuko bagina. Beti bada hobetzekorik, dudarik gabe, alta, etsaiez ez gaitezen tronpa; ez baita batua geure naufragoaren maelstrom-a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.