Duela gutxi Madonna handia, poparen erregina, asaldatu da Donald Trumpen txio batean ikusi duenean boterean dagoen presidente omnipotenteak errege titulua bereganatu duela. «Txantxa bat baldin bada, ez dit irri zipitzik eragiten» erantzun dio Louise Ciccone izarrak, aurkari gisa hartu duen bidea argiki seinalatuz. Ez da lehen aldia oldartzen zaiola: urtarril bukaerako NY-eko manifestaldi jendetsuan jadanik, trans eta LGBTQIA+-en aldeko eskubideak murriztearen kontrako neurriak salatu zituelako.
1984ko Like a virgin titulu hartatik hona segitzen dut Madonna. Itzaletik. Nik baino zazpi hilabete gehiago ditu eta adin kideak garela iruditzen zait. Belaunaldi berekoak hots, nahiz eta arrakasta eta diru gutxiago dudan... Musika alorrean aitzindaria izan da beti eta bere bi album maite ditut oroz gainetik, 1998ko Ray of light eta MDNA 2015ekoa. 1985az geroztik Susana bilatzen dut desesperatuki, Mexikoko Tepiko auzoko Pakitaren heriotzak goibeltzen nauen arren. Irakurle zenbaitek zutabe hau eta olerki batzuk Madonnaren influentzia pean idatzi ditudala susmatuko dute: horrelakoa da bizitza...