Bira
Lezioa
Eskolan irakatsi ziguten gerra ez dela ona, eta esplikatu ziguten munduan onak eta txarrak daudela. Irakasleek esan ziguten ez dela erantzupen txarrik eman behar, eta isilik egoten ikasi egin behar dela. Eskolara joanez ikasi genuen ez dela barre ozenegi egin behar, ingurukoak molestatu egiten direlako. Matematikan, zenbakiak irakatsi zizkiguten, eta kimikan, balentziak eta formulazioa. Irakasleak ia-ia lotsatu egiten zirenez, umeak nola egin behar ziren ikasi genuen, baina plazeraz ez ziguten ezer kontatu. Orduak eman genituen eskolan, eta orduak institutuan eta unibertsitatean, eta itxura gordetzen ikasi genuen. Irakasleek esaten zutena zeinen garrantzitsua den frogatzen genuen azterketetan, ez baikenuen besterik ikasten irakasleek esaten zigutena baino. Gauza asko ikasi arren, uste dut zenbait lezio falta izan zaizkigula. Bada bat, dokumental batean ikusi dudanez, Japoniako irakasle batek oso ondo irakasten duena. Haren ikasleak izan nahi dute eskolara doazen neska-mutil guztiek. Kazetariak irakasleari kurtso honetarako zein helburu duen galdetu dionean, argi esan dio zein den bere helburua kurtso honetan eta beti: umeek bizitza zein garrantzitsua den ulertzea, ez dezaten alferrik galdu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu