Egunotan albisteen izenburuetako letra larrien bidez jakin dugu Bilbo, Donostia eta Gasteizko hilerrietan 570 familiaren informazio eskaerak jaso dituztela, haur jaioberrien lapurretan biktima izan direlakoan. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, kopuruagatik, eta, batik bat, auzitan dagoenaren larritasunagatik. Bai, esango dit norbaitek tentuz ibiltzeko: gai delikatua dela, ikuskizun dagoela oraindik egiaz ostutako umeak zenbait izan ziren, sare eta trama hitza merke erosten dituztela hedabideek, alferrikako asaldura puztua sor daitekeela jendartean, litekeena dela auzia bere onetik aterata egotea... Eta neurri batean ez du arrazoik faltarik.
Baina Hego Euskal Herriko parte horretan, gutxien-gutxienez, 570 familiak, 570 ama eta gurasok, ume jaioberria lapurtu dieten susmoa edukitzea berez da larria: kasu gehienetan susmoak okerrak direla frogatuko balitz ere, erakutsiko luke familia horiek, guraso horiek, eta, bereziki, ama horiek, ez dutela jaso hildako umeari buruzko behar besteko azalpen eta frogarik. Halaber, adieraziko luke guraso horien, eta, batik bat, ama horien, esku hartze kontzienterik gabe kudeatu dela haurren jaiotza zein heriotza. Umerik ezean ere gertatutakoaz jabetzeko eta erabakitzeko ahalmena lapurtu zitzaiela.
Bira
Lapurreta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu