Ez nuen uste horrelakorik gertatuko zitzaidanik. Beste orduz ikusi ditut erretretatuak langintza munizipalei begira, halako trufa aire batekin, langileen zereginak komentatzen, nostalgia eta mikaztasun artean. Bistan dena, beren garaian, gauzak hobekiago egiten ziren, oraingo beharginek ez dakite lanean, alfer hutsak dira, so egizu nola maneiatzen duen makina hori, ze malestruka, gerla on bat merezi lukete —lasai jaunak, badator!—, ni banitza nagusia... aizinanten xarabiak.
Baiona, egundainokoan, zeru beteko xantier bat da: errepideak, kaleak, espaloiak konpontzen dabiltza etengabe, oinezkoak desbideratuz eta auto-gidariak zainetan jarraraziz. Herenegun, San Izpirituko postatik iragan ondoan, etxera bidean Aturri hegira jo nuen eta ohartu nintzen Bergeret kaiaren parte bat itxia zela ibiltarientzat. Argibideen taulari beha nengoela, aspalditik ezagutzen dudan andere bat hurbildu zitzaidan bere bizikleta elektrikoarekin. Lanak aipatzen hasi ginen, eguzkipean kalakari, lanen edukia eta luzera kritikatuz, behialako erretretatu haien gisa... gu ere jada erretretatuak garelarik.