Itxaro Borda

Laido aierua

2025eko otsailaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bordeleko administrazio auzitegiak bere erabakia jakinarazi dio Miarritzeko Herriko Etxeari: La Negresse auzoa desbataiatu beharko du, izen horrek laido aieru larria duelako gaurko egunean. Tribunalaren arabera, pertsona humanoaren duintasunari kalte egiteko eta afrikar jatorriko herritarren ohorea kolpatzeko arriskua dauka: Napoleonen denborako alkohol militar mikatz eta bortxa kolonial urrina dariola ezin uka... 2022an, Memoires et partage elkarteak galdatu zion auzapez andereari geltokia dagoen auzoaren izena kanbiatzeko, ezezko finkoa ukan zuen alabaina, eta geroztik, afera zintzilik dago, trenkatu gabe.

Ultimatumak bazterrak harrotu ditu: herriko kontseiluak hiru hilabete dauzka epaitegiaren ebazpena egiaztatzeko. Miarritzek hargatik dei egin du. Momentuan bederen ez da deus aldatuko. Baina Miarritzeko hiriak ez ote luke egoera honetaz profitatzen ahal, lekuaren behialako Herausta izen euskalduna berriz eta ofizialki erabiltzen hasteko? Atabal kontzertu gela eta Itsasargi ikastola bertan daude, kartier horren euskal izaera zaharra oroitarazteko...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.