Onintza Enbeita
Bira

Kristorena

2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Orain dela hogeita hamahiru urte, gaurko egunez, Balentin Enbeitak negar egin zuen. Negar egin zuen, etxeko hirugarren iloba jaio zitzaiolako eta neska zelako. Aurrekoetxeko Mariarengana joan omen zen eta «gurean orain ere urrixa jaio da», esan omen zion (Bizkaieraz urrixa animalia emea izatean da). Etxeko semearen emaztea hirugarrenez erditu zen, eta Balentinek espero zuenaren kontra, hirugarrena ere aurreko bien moduan, alaba izan zen. Hori da behintzat, ikusi zutenek kontatzen zutena. Honezkero, zoritxarrez, ez daude ez negar egin zuena ez negarrez ikusi zutenak, baina neska txiki hark gaur hogeita hamahiru urte bete ditu: aitona negarrez ipini zuen jaio berri hura, neu naiz. Eta ze pozik nagoen alaba izateaz, inoiz lekutik atera nauten ahizpa zoragarri bi izateaz, ze bizirik sentiarazten nauten aldaketa hormonalek, ze maitagarria edo ze lehorra izan naitekeen egunaren arabera, ze pozik entzuten dudan «zu beti dotore» esaldia, ze urrun ikusten dudan oraindik ama izateko aukera, zenbat maite izan nuen behinola negar egin zuen gizon zahar hura eta ze poza hartuko lukeen gaur naizen neska hau ikusiko balu. Gaur Kristoren adinera heldu naiz, baina Maria Madalena bezain eder sentitzen naiz. Bizitza, bere negar eta guzti, zoragarria da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.