Ai, zenbat bider ez dut amestu euskarazko true crime sail bat ikusten ari nintzela! Baiki, hor dugu aspaldiko Euskal Gaizkileak izeneko podcast bikaina, kanta zaharretan bermatuz hilketa odoltsuak kontatzen dituena, Ezpeldoi aldeko Bereterretxen epopeia hartatik haste! Bizkitartean, 3CAT telebistako Crims handiosaren zale itsu bilakatu gara, ber zoinuan katalana ere ikasiz. Harri batez bi txori...
Krimenak. Gure kronika beltza seriea daukagu orain, euskaraz, Xabier Madariaga Carles Porta misteriotsu baten plantan agertzen zaigula Primeran plataformako pantailan. Sei episodioak ahamen batean irentsi genituen, narrazioak, irudiak, musikak, suspenseak ederki bihikaturik eskaintzen dizkigutelako. Ohartzen gara, halaber, badela gure artean, mediku forentse —edo legal—, ertzain eta epaile franko euskara hutsean ari direnak, ohikoan mundu hori euskaratik kanpo irudikatzen dugularik!
Carles Portak edo Miriam Duquek aipatu kasuak ekarri ditu Xabier Madariagak, ea noiz hasten den argitu gabeko gure berunezko garaietako kazolak ozenarazten...