Bitxi egiten du: orain arte ez bainituen FNko bozkazaleak hezur-haragizkoak irudikatzen, ez zitzaizkidan tangibleak egiten; beti urruneko fenomeno bat bezala ikusten nuen, nazioarteko afera bat bezala.
Nazioartea etxerat bidegabeki sartua zaigun honetan eta bere arauak naturalizatuak dituen bezalaxe, FN ohiak bere burua urrundu du erro antisemita eta estremistetatik, izen berriaren mozorropean: RN.
Bardellak hain duen jakin trebeki baliatzen sare sozialen, Frantziako TikTok politikaria deitu baitute. Espaloian edonor gurutzatzean, baliteke RN bozkazale bat doi-doia hunkitzea.
Manu Larceneten komikiak isla dezake nolakoa izan daitekeen RNren bozkazaleetako bat, faxista izatetik zinez urrun. Langile zaildua, nekatua, eskuetako ezin kenduzko kraka bezain hits geroa ikusten duen hori marraztu du. Etorkin lankideak bere burua baino gehiago maite dituen horrek Le Pen bozkatu du istorioan: «Gelditzen zaidan guti hori kendu egiten didate. Emaztea, haurra, lana, etxea, sosa... dena da arazo. Beraz, alda daitekeela erraten didan lehenari ematen diot boza».