BIRA
Konplexuak
Ez daki euskararik, eta ez dauka ikasteko asmorik. Euskaraz egindako kulturaz ari garenean, dena esplikatu behar izaten diogu, ez baitauka inolako erreferentziarik. Ez da arraro sentitzen Bizkaiko kostaldean bizi bada ere: ez du pentsatzen ezer galdu duenik hemen egiten denari kasurik ez eginda. Hori bai, harrigarria iruditzen zaio niri Rocio Jurado gustatzea: txalogarria omen da. Asko esaten omen du horrek nitaz. Bada, ez. Nirea anekdota hutsa da, baina berari buruz bai esaten duela asko gure kulturarekiko duen interes falta horrek. Izan ere, euskal kulturan ari garen sortzaileok ez gara kobazuloetan, euskara hutsean, munduak kutsa diezakegunarengandik ihesi bizi diren pertsonajeak. Euskal sortzaileok munduarentzat ere sortzen dugu euskaraz sortu arren, hizkuntza bi manejatzen ditugu gutxienez eta munduaren gauza onak hartzen saiatzen gara geureari uko egin gabe. Euren burua modernotzat duten askok, gure gainean halako klixeak jarri dituzten askok, ordea, hizkuntza bakarra hitz egiten dute; eta haien gabeziaren ondorioz, alboan bizi zaien unibertso oso bat galtzen ari dira. Eta gure erakundeak gauza guztiei ingelesezko izenak jartzen dizkiete, arazoa gu izango bagina bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu