Kote Cabezudok egindako abusu eta bortxaketen gaineko dokumentala ikusi berri dut. Izugarria da. Nazkagarria. Urteetan bortxatu zituen emakumeak argazkiak egiteko aitzakiarekin. Ez da erraza jakitea zenbat bortxatuko zituen guztira. Ileak puntan jartzen dituzte haien testigantzek. Hala ere, ez da hori okerrena. Okerrena inpunitatea da. Min gehien ematen duena da, zenbat denbora behar izan zuen epaileak bortxatzailea kartzelara sartzeko eta zein lotsa gutxirekin utzi duten argi Cabezudo ez dela edonor. Baduela babesa «goian». Oxala gutxitan gertatzen den gauza bat balitz, baina askotan gertatzen da: bortxatzaileek biktimek baino babes handiagoa izan dezakete. Aberatsak direlako, boterean dagoen alderdiaren lagunak direlako, famatuak direlako… babesten dira zenbait nazkagarri, eta babes horrek gehiago txikitzen ditu biktimak.
Bortxaketa, eraso edo abusu baten biktima izan garenok hiru kolpe handi hartzen ditugu txiki askoren artean. Lehenengoa, erasoa gertatzen denean. Bigarrena, zure barru apurtua kaletik paseatzen duzunean, munduak bere bidean darraiela ikusten duzunean (badirudi inori ez diola inporta zuri zer gertatu zaizun). Eta hirugarrena, erasotzailea baino bakarrago gaudela ikusten dugunean. Hiru kolpeek apurtzen dute berregin ezin daitekeen zerbait barruan.
BIRA
Kolpeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu