garbine ubeda goikoetxea
BIRA

Kolegioa

2015eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Irailaren lehenean etapa berri bati ekin zion gure alaba zaharrenak. Hendaiako ikastola atzean utzi eta Seaskak dituen hiru kolegioetako batean eskolatu da aurten, Ziburuko Piarres Larzabalen hain zuzen, dagoeneko seigarren mailara heldu denez. Guztia du berria, berritasunak gutxi iraungo badio ere: beste herri batera joan beharra eta garraio publikoan, antolamendua, ikasgaiak adina irakasle eta beste horrenbeste liburu ukaitea, azterketak, itolarriak…

Gurasook, etxeko ekonomiari eragingo dion gorabehera bazter utzita, pozteko aitzakia besterik ez genion antzeman aldaketari. Nagusitzeko eta bere buruaren jabetzeko zabalduko dion bidea, agerikoenetik hasita, baina oroz gainetik, ingurua ezagutzeko aukera, Sara, Urruña, Azkaine, Donibane Lohizune eta besteko gaztetxo euskaldunak batzen baititu zentroak.

«Tamalez, Hegoaldekoak eta Iparraldekoak ez dira elkarrekin nahasten», ohartarazi zidan prozesu bera lehenagotik bizi izan duen ama batek. Geneak ez ezik, geure mugak ere oinordetzan pasatzen ditugun seinale. Bihotz urratuak galdezka mailukatu zidan burua: zer den Iparraldekoa izatea eta zer Hegoaldekoa, lurralde historiko berean hazi diren haurren kasuan; zerk eragiten duen bateko etiketa edo zerk bestekoa… Ez noa dena esatera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.