Aitor dezagun Elon Musken figurak fikziozko edozein pertsonaien itzala aise gainditzen duela. Lehen planoan egoteko edozer asmatzen du. Macronen edo Trumpen kasuan bezala, batzuetan irri egitekoa baliteke, ez balitz hauen itzala hain doloretsua globoan zeharreko bizidun klase arruntarentzat. Erosi eta bere aldera garbitu zuen X sarean Kekius Maximus izengoitia darabil jada, AEBetako analista politikoek eskuin muturreko ideologiarekin lotzen duten Pepe Igelaren irudiaz baliatzen dela. Munduko gizonik aberatsena da dagoeneko, nahi duena egiteko eskubidea daukala uste du, adibidez Alemaniako AfD alderdi xenofoboa sustengatzekoa.
Baina kasu... ez duenez greko zaharrek phusis deitzen zuten urguilu oldeak gure Elontxo irentsiko! Jendeak miresten du oraino, baina jendea, taloaren antzera, biziki erraz itzulikatzen da. Alabaina, izenak eta sinboloak nahieran manipula daitezke: duela gutxi, Las Vegasko Trump hotelaren atarian, Tesla Cybertruck bat zartatu zen, misterioski, hil bat —autoaren gidaria— eta zazpi zauritu eraginez. American psycho berri baten hasiera ote?