Onintza Enbeita
Bira

Karratua

2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Lau alde berdin dituen irudi geometrikoa da karratua. Lau alde berdin, eta lau angelu zuzen. Marra bat eskuinera, beste bat behera, ezkerrera, gora eta itxi. Borobila ikusten dugunean, gurpilarekin gogoratzen gara; edozein momentutan hara edo hona erraz mugi daitekeen gurpilaz. Karratua, berriz, albo baterantz bultza egingo bagenio ere, hanka baten gainean geldituko litzateke, eta, ondoren, berriro ere sendo zapalduko luke lurra. Eta pena ematen dit gero eta jende karratu gehiago ikusteak. Hanka bakarraren gainean eusten diote ustez zuzena denari: betiko bikotekideari, hipotekari, gustatzen ez zaien lanari, familiari… Noiz edo noiz arnasa hartzeko astia datorrenean berriro ere lurra zapaldu, eta, gero, berriro eutsi; beheraka jaustea ez baita komeni. Umetan, bizikletaren frenuak askatzen genituen aldapa behera gindoazenean, haizea aurpegian sentitzearren bakarrik. Ez genuen beti hanka bien gainean lur hartzen, baina ariketa errepikatu egiten genuen behin eta berriz, sentsazioa itzela zelako. Orain ere gurpil haiek bezain borobilak izan behar genuke: bizitza aldapa behera jartzen bada, segitu; aldapa gora jartzen bada, indar egin bideari jarraitzeko, eta leun badago, lasai egon. Zertarako eutsi? Mundua forma zoragarriz beteta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.