Onintza Enbeita
BIRA

Josefina

2022ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Josefina Lamberto hil da. Abuztuaren hamabosteko gau batez faxistak sartu ziren haren etxean aita atxilotzera, eta Josefinaren ahizpa Maravillasek ez zuen aita haien eskuetan utzi nahi izan. Ikusi egin nahi izan zuen zer egiten zioten aitari, eta handiagoak egin zizkioten berari: bortxatu, hil eta gorpua basoan bota zakurrek jan zezaten. Aita non hobiratu zuten ez dute sekula jakin. Amari dena ostu zioten. Ezer gabe utzi zituzten. Moja sartu zen Josefina, baina komentuetan ere aberatsen alabek tratu hobea izaten zutela salatu zuen hainbat elkarrizketatan: bera esklabotzat hartu zutela. Arazoa ez baitzen faxisten oldarraldia bakarrik izan: haiek irabazi egin zuten, eta, ondorioz, berrogei urte luzez gogorarazi zieten galtzaileei gerra galdu egin zutela. Eta badakigu hori nola erakusten den: umiliatuz, bortxatuz, torturatuz eta barre eginez.

Josefinari esker jakin dugu zehaztasunez haren ahizparen berri, eta hari esker ulertu dugu bizitza asko itzali zirela ezer kontatzeko aukerarik gabe. Ez ditzagun Josefina, Maravillas eta haien aita ahaztu. Ez dezagun ahaztu hura egin zutenen ondorengoak lotsa galduta ari direla instituzioetan, kalean, gure aurrean. Ez gaitezen garenaz lotsatu. Memoria bagara, baina oraina ere bai, amorerik eman ez zuten Josefina askori esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.