Orduak eta orduak pasatu genituen umetan Los ángeles de Charlie-tara jolasten. Ez zen entretenimendu huts bat, goma, sokasaltoa, brilea edo antzeko denbora-pasa bat. Gehiago zen: eguneroko eginbeharren lanbroan aterrune distiratsua sortzeko modua; bizitza paralelo kitzikagarri bat Sabrina, Jill eta Kellyren larruetan sartuta. Bizi egiten baikenuen, sinetsi, ispilu parean jarri eta 10 urteko geure ume moko planta tristearen ordez mundu guztiari kilika eragiten zion neska gazte ederra ikusteraino.
Iritsi zen momentu bat, ordea, gaitasun hura galdu egin genuena. Errealitatea izeneko zera definigaitz hori gainditu zitzaigun, eta harresi moduko batean gotortu gintuen. Hortik aurrera, ezinezkoa egin zitzaigun Sabrina, Jill edo Kelly izatea, hala ginela sinestea. Geu izateko lan nekez eta gorabeheratsuan murgildu ginen.
Baina, tarteka, errealitatearen harresiari pitzadurak urratzen zaizkio, eta umetako gaitasunaren jabe egiten gara berriz. Adibidez, gai gara oporretako itsasertzetan telefilmetako aberats izateko, edo Indurain igandetako bizikleta bueltetan. Edo Zinemaldiko trepetez hornitu eta zinema-aditu intelektual ez ezik, glamour-aren mami garela sinesteko. Milaka lagunen urteroko jolasa, hiri batena, jendarte oso batena.
Bira
Jolasa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu