Miren Amuriza.
BIRA

Jo també vull sexe

2016ko abenduaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Horixe aldarrikatzen zuen TV3 kateak emititu berri duen erreportajearen izenburuak (nik ere sexua nahi dut): nik, gurpildun aulkian nagoen honek; nik, garun paralisia dudanak; nik, beso bat falta dudanak... Dibertsitate funtzionala duten zenbait lagunen sexualitatea hartu zuten berbagai; besteak beste, harreman intimook bideratzen dituzten elkarteek (Tándem team, Yes we fuck) zelan funtzionatzen duten eta bertan diharduten laguntzaile sexualen figura zertan datzan azalduz.

Berrogeitaka urteko seme Xaviz mintzo zen Montse, auto istripu baten ondorioz mugikortasuna galdu zuenaz. Andreak zioen ezagutzen dituela seme-alabak masturbatu behar izan dituzten gurasoak, ordea, berak gurago izan zuela elkarteotako batera jotzea. Rut da harrezkero Xaviri sexualitateaz gozatzen laguntzen dion terapeuta. Gorputz oso-osoa laztantzen diola kontatu zuen, zakilera mugatu barik; kontaktu fisikoak beste dimentsio bat hartzen duela une horietan.

Dimentsio hori ulertezina da, baina, gehiengoarentzat; jateko, janzteko edo dutxatzeko laguntza behar duten pertsona helduek gure iruditerian (bazter-bazterrean bada ere) lekua duten arren, inoiz gutxitan pentsatzen, hitz egiten, baitugu sozialki desiragarri izatea (eta beraz desira sentitzea) ukatzen zaien horien sexualitateaz; orgasmoez nola, atzamar puntarekin sabela ukitu eta gorputz osoko ileak tentetzeaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.