Itxaro Borda

Itoitz

2025eko martxoaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Maddi Barber (1988, Lakabe) zinegilearen bi dokumentalen begiesteko plazer handia ukan dut azken asteburuan. 592 metroz goiti (2018) eta Urpean lurra (2019) lanek helburu bera dute, Itoizko pantanoaren kausaz Iratiko urak ito zituen herrietako bizidunen memoriak harrotzea hots! Badirudi bideoak, argazkiak eta ametsak baizik ez direla gelditzen Artozki, Muniain, Nagore, Ezkai, Gorritz, Orbaitz eta Itoizko herriez eta jendeez oroitzeko tenorean. Pantanoaren aurkako mugimenduaren irudiek ere betetzen dute pantaila, solidarioak agertzen zaizkigula kableei zintzilik edo 1996an kableak trontza-zerraz ebakitzen.

Hunkimenaren mugetan ibili naiz ikuskera denbora guzian. Historia epikoa guk ere bizi izan genuelako. Hor nonbait daukat alabarekin Itoizko elizaren maldan, Tuteratik itzultzean, adiskide batek hartu zigun argazkia! Badu hiru hamarkada orain Itoitz hor dagoela, Agoitz gainaldean, horma erraldoi baten antzera zutunik. Datorren martxoaren 20an, preseski, Maddi Barberren bi obra hauek Hendaiako Bordeline Fabrika gelan apreziatzen ahalko dira: ez huts egin!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.