Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Irribarrez

2012ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Emozioak landuko dituzte aurten 3 urteko alabak-eta ikastolan. Haurrei oinarrizko emozioak identifikatzen eta adierazten laguntzeko hormirudiak erabiltzen dituztela agertu digute irakasleek gurasoen batzarrean: jendea pozik, triste, haserre zein kezkatuta ageri den argazkiekin osatutako afixak. Eta faborea ere eskatu digute: aldizkarietan-eta jendea triste edo haserre erretratatzen duen lehen planoko argazkirik topatzen badugu, eramateko, arren, aurpegi alai eta irribarretsuak nonahi topa daitezkeela, baina begitarte ilun eta zimurtuak urre gorria bezain eskas direla.

Guraso zintzoen tankeran ondo apuntatu dut etxeko lana, eta hasi naiz berripaper eta aldizkarietan bisaia zaputzen bila, eta, beti bezala, irakasleek arrazoi: kopeta iluneko lehen plano gutxi, salbu eta moda iragarki hanpatuetan —horren zergatiak beste baterako utziko ditugu—; zorion irudia, ordea, nonahi. Eta, aizue, lehendakarigaiak ere hamarretik zortzian irribarrez. Pentsatu dut izan daitekeela irribarrea jendetasunaren eta bestearenganako txeraren lehen adierazle delako, baina ezin dut burutik kendu irribarrea, halaber, zorion faltsu, ezintasun, barru ustel eta asmo txarren mozorro perfektua ere badela. Ikastolara itzuli beharko dut, hormirudiak aztertzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.