Ainize Madariaga

Irri gaiztoa?

2024ko martxoaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pertsona hobea naiz orain, jakin dudanez geroztik bertzeen erorikoen ondorioz irriz karkailaka hasteak ez duela bere baitan enpatia-gabeziarik. Bereziki sentikorra izan naiz beti ustekabeko malestrukeriei. Ene buruak traumatizatu ninduen, nerabe nintzela, mutil gazte bat zendu baitzen eta bere ehorzketetan irriak gaina errotik hartu zigularik adiskideari eta bioi: erupzioa geldiezina zen.

Lankide preziatua ikusi berri dut bideo batean: lan-ekintza betean lasterka ari zela behaztopatu da, eta entseaturik ere bere buruaren orekatzen, gorputzaren gainaldea aitzinerat makurtuegia zuen jadaneko, eta zangoak putarka bezala hasi zaizkio, zeru eta ozeano guzien kontra borrokan ariko balitz bezala. Ororen buru, zango-besoen hainbertzeko haize errotaren ondotik, mundruna pasio handiz musukatu du: eskuetako lan tresnak maskaradetako haragi-puska ustelen ziliportak bezala barreiatu zaizkio bidean.

Psikologoen erranei kasu egin diet: irri karkailak ez ditut gibelerat igorri, burmuinak abiarazten baititu ustegabekoari zentzua emateko mekanismo gisa. Gaiztakeriarik ez oraingoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.