Urtarrilean antolatzen da alkoholik gabeko hilabetea Europan zehar, norbera bere kontsumoaren neurriaz jabetu dadin eta ahalaz, egarri tzar hori mendra dezan. Ikerketa parrasta batek frogatua du alkohol sobera edatea ez dela on osagarriarentzat, bizitza sozialarentzat eta familiako intimitatearentzat. Dakiguna hor dago, baina nork egiten dio kasu, alkoholarena gure jendarteetan hain da besta eta atsegin giro bikainarekin lotua. Badirudi alkoholik gabeko egunerokotasun duinik ez dela kontzebitzen ahal. Frantziako ardo ekoizleen lobbyaren presidenteak Dry January-ren gisako ekimenak «iraingarriak» direla dio, alkoholaren presentzia astun hori sakratua balitz bezala!
Ez al dira iraingarriak, alderantziz, mahastizainen eta ardo zein alkohol ekoizleen ezkutuko jukutriak gobernuak beren alde jarrarazteko? Ez al dira iraingarriak nekazari industrialen gaztigurik gabeko ekintza biolentoak premiazkoak diren neurri ekologikoak baztertzeko, gosearen xantaia eginez? Bi kasuetan, herritarren osagarriak muntarik ez du, gutxiengo batek alabaina, dirua arraiki egin behar duenean...