Espainiako Estatuan tortura sistematikoa izan dela ukatzen dutenek beti izango dute aitzakiaren bat Gurutze Iantzirena heriotza naturala izan zela esateko. Beti esan diguten moduan, Xabier Kalparsorok Indautxuko komisariako leihotik salto egin zuela. Sinistekoa balitz, sinistuko genuke, baina atxilotutako euskaldunen senide gutxi harrapatu ditu sorpresan torturak. 1991ko irail hartan hil zuten Gurutze Iantzi, eta haren azken agurrean esan zuten Xabier Kalparsoro ere hil egin zela ospitalean Indautxuko komisariako leihotik ustez salto egin eta gero. Umea nintzen, baina memorian iltzatuta daukat irail hura. Inguruan baditut komisariatik pasatutako bat baino gehiago, eta ezerezean izoztu zitzaizkien begiak.
Irail haren atzetik etorri dira gehiago, eta torturak lehertu du jende gehiago, baina inork ez du horretaz hitz egin nahi. Noizbehinka, deskuiduan edo, gertatu izan den gauza bat balitz bezala hitz egiten zaigu torturaz, eta ez da egia: hemen sistematikoki torturatu dira atxilotuak.