Nire akorduz, amonaren lagun baten etxeko sukaldean entzun nuen aurreneko aldiz Santiago Carrilloren aipamena. Adineko hiruzpalau emakume zeuden meriendatzeko aitzakian berriketara bilduta, guztiak goitik beherainoko jeltzaleak, eta, ulertu ahal izan nuenez, larridura sortzen zien Carrillok, hark ekar zezakeen «desordenak». Neu ere, neure umean, kezkatu nintzen nonbait, eta etxeratzean amari galdetu nion gizon aztoragarri hari buruz. Segituan lasaitu nintzen, amaren tonuan berehala igarri bainuen ez zuela ezer arriskutsutik: amonarentzat beldurgarria bezala maitagarria eta miresgarria zen amarentzat, baina, batik bat, iragandako denboretakoa, ipuinetako pertsonaia baten parekoa; une hartan errealitatean eragiteko gaitasunik gabekoa. Beste politikari eta alderdi batzuk zeuden iraultzarako.
Déjà vu sentsazioa izan dut orain Carrilloren hil kaperako argazki bat ikustean: zendua hil kutxan, eta alboan, adin bertsuko burkide bat, burua eta ukabila zutunik, panazko txaketa eta jertse pikoduna soinean —ez, ez dago akatsik atrezzoan—. Eta inguruan, botere guztiak malkotan. Maitagarria baitzaie Carrillo. Eta, batik bat, ez diete inolako larritasunik sortzen behinola hark ordezkatu zituen ideiek. Hain egin dugu iraganekoa justizia nahia, hain ipuinetakoak iraultzak.
Bira
Iraganekoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu