Bira
Iparra
Bada mutil bat kartzelan dagoena, beste hainbat euskaldunen moduan.Ondarroarra da. Beste edonongoa izan zitekeen, baina ondarroarra da. Kartzelara sartu zutenerako, bazekien GIBduna zela, baina urte askotan bizimodu arrunta egin zuen birus eta guzti. Kontua da Espainiako kartzeletan ez dituztela gaixorik dauden presoak behar den moduan artatzen. Asko daude tratamendua jaso ezinik, eta horietako bat da aipatutako mutila. Kartzela eta GIBa entzunda, lehen eguerdi ostean ematen zituzten film sentsazionalista horietako batez ari naizela ematen du, baina ez, ondarroarra da eta Basauriko kartzelan dago; Euskal Herriko txoko urrunenetik hiru ordura gehienez. Ez dute askatu nahi, eta han dago egoerari eusten. Kostata ekarri zuten Euskal Herriko kartzela batera, eta badirudi kostata askatuko dutela. Gero eta gutxiago ulertzen ditut gauzak: Espainiako zigor kodeak esaten du preso guztiek bete behar dutela kondena etxetik gertuen duten kartzelan, eta gaixorik daudenak kaleratu egin behar dituztela. Hauek egiten dutena da gaixorik daudenak Euskal Herrira hurreratu, eta estutu. Mendeku politika horrek aspaldi galdu zuen nortea, baina pentsatu nahi dut Iparra galdu baino lehen erreakzionatuko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu