Onintza Enbeita
BIRA

Inposaketa

2023ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Hiru urte pasatu dira Zaldibarren lurrak eztanda egin zuenetik, baina gutxienez joan den mendean gertatu zen gauza bat dela dirudi. Lauso samar dago gure oroimenetan. Zaldibarren gertatu zenak pentsarazi egin egin beharko liguke: zenbat zabor sortzen dugun egunero, zergatik ez dugun geure zaborrarekiko ardurarik hartu nahi, zer egiten duten gobernuek zaborrarekin, zeren arabera erabakitzen diren zabor-bilketarako politikak... Ez dut uste asko pentsatu dugunik, ordea.

Atez ateko hondakin bilketa inposaketa latza izan zelako jarri zituen jendeak zabor-poltsak leihotik zintzilik. Zenbait komunikabidek kanpaina itzela egin zuten atez atekoa sortzen ari omen zen arratoi pilari buruz, sistema horren kontra zegoen jendeari buruz, egin ziren manifestazio jendetsuei buruz... Hiru urte hauetan apenas esan duten ezer, hala ere. Ulertzera ematen dutenez, Zaldibarren zabortegia non jarri eta hara zer bota ez zuten inposatu: herritar guztien artean erabaki zuten. Zer esanik ez, zikinkeriaren inguruan: ez zara espaloietan poste zikinak jartzen hasiko, mendia lehertu arte estali dezakezunean zaborrez. Zabor bilketarekin politikarik ez dela egin behar esaten du gero jende batek... Zaborren kudeaketa politika da. Batzuentzat aberasteko modu bat baino ez da, beste batzuentzat ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.